Bere hirugarren gradua AN-k baliogabetu ostean, Aitor Esnaola espetxera joan da

ETXERAT (2022-XI-2). Aitor Esnaola Dorronsoro preso legorretarra Martuteneko espetxera bueltatu behar izan da gaur arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko (AN) Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso gipuzkoarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.

Esnaola bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu da. Legorretako presoak 11 urte eta erdi daramatza espetxean. 2020an, bere kondenaren erdia bete zuen urtean hain justu, Ocañako espetxetik Soriako espetxera lekualdatu zuten eta ondoren, Martutenera. 2022ko maiatzean 3. gradua eman zion Esnaolari Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak, aurretik tratamendu-batzordeak hirugarren gradua lortzearen aldeko proposamena egin ondoren.

Momentu honetan fiskaltzak beste zazpi presoen hirugarren graduen aurkako errekurtsoak bere horretan mantentzen ditu eta AN-k erabakiko du helegiteak onartzen dituen ala ez. Duela gutxi, Xabier Atristain eta aste honetan, Mikel San Argimiro, espetxera itzuli dira, AN-k haien hirugarren gradua baliogabetu ondoren. Joan zen ekainean, Gorka Martinez Ahedo eta Iñaki Bilbao Gauekari Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarren graduak bertan behera utzi zituen Auzitegi Nazionalak eta, geroztik, Urduliezko preso hauek espetxean daude, berriro bigarren graduan.

Berriz ere, ere haserrea eta ezinegona adierazi nahi dugu, izan ere, oraingoan, Esnaolaren eskubideak urratuak izan direlako, eta iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu.