Jakes Esnal espetxetik atera da

ETXERAT (2022-X-18). Kalean da Jakes Esnal preso lohizundarra, 32 urte eta erdi espetxean eman ondoren. Gaur goizean atera da Lannemezaneko espetxetik.

Aurreko astean Mureteko espetxetik atera zen Ion Kepa Parotek egingo duen bidearen antzera, Esnalek ere etxean jarraituko du zigorra betetzen, eskumuturreko elektronikoa eraman beharko duelarik eta beste baldintza batzuk ere bete beharko ditu. Dena ongi baldin badoa, baldintzapeko askasunean geratuko da hemendik urte batera Jakes Esnal.

72 urte beteko ditu abenduan eta 32 urte eta erdi daramatza espetxean. 2020ko maiatzetik aske egon beharko luke, fiskaltzak auzitegiaren erabakia blokeatuko ez balu.

Besarkada estua helarazi nahi diogu Jakes Esnali, baita bere senide eta gertukoei ere. Eta gure poza adierazi nahi dugu modu publikoan Donibane Lohizuneko preso politikoa gurekin dagoelako. Bazen garaia! Haranburu eta Paroten kasuetan bezala, Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren, erakunde eta herritarren bultzadak zerikusi handia izan du haien askatasuna lortzeko, horregatik eskertu nahi dugu egindako ahalegina eta lana.