Mikel San Argimiro espetxean, AN-k bere hirugarren gradua baliogabetu ostean

ETXERAT (2022-XI-1). Mikel San Argimiro Isasa preso donostiarra Martuteneko espetxera bueltatu behar izan zuen atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko (AN) Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso gipuzkoarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.

San Argimiro bigarren gradura itzuli eta espetxera bueltatu da. Donostiako presoak 20 urte eta erdi daramatza espetxean. 2021eko hasieran, bere kondenaren hiru laurdenak bete zituen.

Momentu honetan fiskaltzak beste zortzi presoen hirugarren graduen aurkako errekurtsoak bere horretan mantentzen ditu eta AN-k erabakiko du helegiteak onartzen dituen ala ez. Duela gutxi, Xabier Atristain espetxera itzuli zen baita ere, AN-k bere hirugarren gradua baliogabetu ondoren.

Gure haserrea eta ezinegona adierazi nahi dugu, izan ere preso donostiarraren eskubideak urratuak izan direlako, baina, batez ere, Espainiako justiziak mantentzen duen blokeo bidegabeak euskal gizartearen nahiaren kontrako norabidean kokatu delako.